Epilogo bat

Sasiak erabat jana zinen ordurako,
Itzalak, zuhaitza aspaldi erauzi arren, han luze zirauelako.

Marea igotzen denean estutzen den hondartza horren moduan estutzen bizitza.
Eta hitz haien beste aldean, sumatu baño egiten etzenuen norbait.

Barkatzeko eskatzen zenion zeure buruari agian egin ere ez zenituen hainbat gauzengatik.
Eta ahazteko eskatzen zenion egin zenituen beste hainbatengatik.

Eta orduan zu. Beste zu.

Zu hitz haien bestaldean, sumatu baño egiten etzinena
Denborak erretako baso bat ginen barruan eta zure ertzean
arropak utzi nituenean lurrean, narraztiek azala uzten duten eran
eta nahasi hartan ia beste dena, laugarren azalberritze batean
Eta narraztaka lurrean barna, ebatzi gabeko lurralde hartara
Eta han berriro, enegarren aldiz, lehen aldi bat lehenaldiari
ihes egiteko zuk nire barrutik eta nik neure barrutik
narraztiek azala uzten duten eran, laugarren azalberritze batean

Gautzen doan heinean, dena biltzen da bere barnera.
Zutzen zaren unea, zuk baino ez dakizunerantz.
Inoiz inork ikus ez duen, parentesi arte horretan;
ezinezkoen inbentario zentzugabe hori berridazten hasten zara.

Eta inoiz inork zeharkatzen
ez duen muga eremu desertu eta absurdu horren
lerro nekatu eta ahitu hori zaintzen tematzen zara.

Zerua eder urratzen zuten abioiek arratsean
Jendez gainezka kaleak, kotxez gainezka errepideak
Munduak ebakuazio simulakro bat egiten duen unean
Norbaitek galdetu zuen non litzatekeen larrialde-irteera
Ehundaka txori erori ziren zerutik munduaren ertz batean
Ehundaka arrain hilik urazaleratu beste aldean
Inork etzekien arrazoia azaltzen Berriaren arabera
Ordurako bihurtuak ginen geure antonimo eder bat.

Zaldi zuri batek aurreratu gintuen errepidean
Kotxe batek atzean tiraka zeraman erremolkean
Milaka pertsona kalean autodeterminazioa eskatzen
Zenbat gauza kabitzen den zu bezalako hutsune batean
Beste asko korrika atera ziren etxetatik ihes betean
Bide gorritan barrena piztia joan eta etxe-animalia bueltan
Eta han-hemengo piszinetan jendea uretaratzen igerira
behinola izan ginen arrain abisalaren bila

Behera eta behera egiten zuen barne produktu gordinak
Aurreikuspenik txarrenak ere ez omen ziren horren larriak
denok erabaki genuen akatsarekin aurrera jarraitzea
eta horrelako egera batean beste edonork egingo lukeena egitea
Gauza handienek ez dute zaratarik egiten haustean
zenbat gauza kabitzen diren zu bezalako hutsune batean
Denok erabaki genuen akatsarekin aurrera jarraitzea
denok bihurtuak ginen ordurako geure antonimo eder bat

Eguna heze esnatu zen, behe-laino batek biltzen dena
Hala ere eguzkiak zulatzen zuen erak
Beste egun sargori bat iragartzen zuen
Horrez gain arratsean hegoak gogor joko omen zuen…

Kotxean sartu eta jo zuen mendi aldera
Basoaren ertz banatan su ttiki bat piztera
Etxera bueltatu eta iluntzea heldu arte itxaron
Sirena hotsa entzutean lehiotik luze begira egon

Eta zuk ulertzen duzu, zeure burua ikusten duzu
Basoa maite duzun eran sua ere maite duzu
Denborak egin duen basoa, bere pizti, bere sasi,
Zuretzat eranzten dena eta zurekin jantzi.
Zuk hainbeste zaintzen duzuna, eder eta egi izan dadin…

Baina zuk ere nola basoa adina sua maite duzun…

Ihes egiteko era guztien artean,gutako bakoitzak aukeratua du berea,eta zuk zeurea.

Oharkabe, erabaki duzu bizitzeran gorritik metro bat atzera bizitzea, bidean seinaleak: zaindu segurtasun tartea.

Badakizu, garrantzirik ez duten gauzen artean, garrantzi gehien dutenak, bihurtzen dituzula garrantzizkoenak,

Eta trenak euri tanten kontra lehertzen hasten direnean,
Hutsuneak azpimarratuz
Zeure burua ikusten duzu kotxeen argien itzal bustian
Telefonoz deitzen duen
animalia izu eta hipokondriakoa

Eta tristuraren industriak zuretzat sortuak dituen
ansiolitiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak,
konstelazio eta terapiak, sare sozialak eta farmaziak,
zure melankoli burgesa bezatzen dutenak

dena duzu
dena duzu galtzeko
dena duzu galtzeko beldurra

Zure aurrekari penalak

mundu mailako gerra intimo eta latz batean
beste behin zeure buruari biziraun diozunez

behingoz erabaki duzu zauden lekuan geratzea
zure ametsen eraiste neurtuari ekitea,
zuk horrenbeste denboran eta horrenbesteko afanez
gordetakoak ez duela zuk uste adina balio onartzea

ze zu beti bizi izan zara behin-behineko egoeran
aukerakoa zirudien etengabeko noraezean
ez zenuela nahi honaino iritsi baino beste inora ere ez
zalantzarekin etengabeko persekuzio bat zen
ihes egiten diozun eta jarraitzen duzun horren
artean zabiltza itzal arrotz baten jabe
ez zara besteek uste dutena
agian zeuk uste duzuna ere ez
oraindik ez hura bihurtu zen denborarekin honezkero ez
zeure aukeren gainetik amestu behar izan zenuen
irteera zen zulo hartatik aterako bazinen

horregatik erabaki dut nire amets denak eraistea
hobe duzu momentu batez ni bakarrik uztea
zure begiei begiekin eutsi eta elkarri amore ematea
elkarren ondoan, ilargiak buelta bat ematen digun bitartean

goiz gorri eta eder batean neure barrutik salto egin
eta neure buruaz beste… bat egitea

bizi zaituen animalia izu hori
zeru gorri baten pean mundua gurutzatzen
azazkalak, ilea eta beldurrak
baino hazten ez zaizkizuna
animalia horrek
bere bizkarrean idatzita daramatza
laztanez eta harramazkaz
itzalen izenak:
gizon eta emakumeenak,
leku eta egunenak,
denak ederrez eta minez

izen horiek denek osatzen duten zerrenda
zuk kaltetuen zerrenda,
zuk eta zeu ere,
behin geuk eraikitako ametsen eraiste neurtuak,
desertzio, desertuak, larrialdietako deiek

denak banan-bana zure aurrekari penalak:
zeru gorriak, oreinak eta orfidalak
gehiegi luzatzen diren salbuespen egoeretarako
emerjentziazko planak

denak banan-bana, zure aurrekari penalak:
makrojuizio intimoak, sexua, heriotza eta orfidalak;
gehiegi luzatu ziren salbuespen egoeretarako
emergentziazko planak.

eta zuk bizitza deitzen diozun bide horrek,
zuri beti sasitu izan zaizun arren,
bere ederrak eta minak idatzi dituzten
zure aurrekari penalak:
zeru gorriak, oreinak, desertu eta maitaleak
horiek denak bizkarrean
karraio daramatzan
animalia izu eta ederra zara.

irentsi zintuen luizi haren
aurretik heldutako
harri solte hura zen
ulertu behar zena

baino nola baden
lurrikaratzen diren
lekuetan lasai bizi den jendea
zuk geratzea erabaki zenuen

beti zuloaren beldur
eta zuloa irteera zen

artean ez zenekielako
bizi oso bat botako zenuela
hiru zabor poltsa haunditan
baina zu bezalako leku
lurrikaratuetan ere
eraiki daitekeela

ihes betea hasi zen, etorkizun bat behar zenuen,
nahiz eta zuk lehengoa nahi
baina bidean haitz artean
oinazez sortzen diren eta hazten diren lore
desafiatzaile min eta ederra zinen

zaharkitutako mapa bat, zeharo galduta zeunden
eta zure gainean etzaten zirenak ere
bertan galtzen ziren,
bertan galdu zuten.

ARQUIMEDESEN PRINTZIPIOA

zuk galdetu zenidan bazenekien arren
nik ez nekiela erantzun nizun eta banekien
baina nola ereiten duenak
ez duen beti jasotzen
duenak ez du beti ereiten

zuk azaldu zenidan arquimedesen printzipioarena
uretan edo ohetan berdin ematen dena

nola gorputz berri batek bertan sartzen denean
lehendik han zegoena ateratzen den
gereziak hezur eta guzti jaten zituena
eta auspez lurrari helduta lo egiten duena

beste biktimaren bat ere bai bien artean
min egin diezu, maite izan zaituzte
zu bezalako leku pitzatuan etzan zirenak
hamar hankako ohe batean

dena zure ondoan lo egitearen albo-kalteak
beste inor zeure burua baino gehiago
maitatzeko gai ote zaren
ez duzunetik ematen duzu, duzunetik ez hainbeste
exen telefono nekatuak gaua zulatzen
betirako zorretik kulpara doan dei galdu batean
akusazio eta testigua bera den epaiketa batean
eta zuk zeure burua zuritzen
kantu min eta ederretan

baina parentesi artean gordea duzun beste zati horrek…

behin izan zinenaren eta
izango zarenaren
artean begira duzun
testigu bakarra zeu zara
isilean galdu dituzun
gerra guzti horiek denak
eta zugan oraindik
ikusi nahi ez duzuna

ihes egiten diozun
eta jarraitzen zaituen
horren artean bizi zara
bide ertzeko seinaleetan bizi diren
orein horien antzera
beraien bizitzatik
behingoz salto egitera
ausartzen ez direla

eta denborarekin
oraindik ez hura
bihurtu zen honezkero ez
hartutako erabaki
gabeko erabakiz
isilean desagertzen diren
espezie horien antzera
itzaltzen ari zara
bera korrika
ta zu berriz oinez
minik egiten ez duten zauri horiek
marraztu dizkizuten parentesien
artean bizi zara
mapa zahar bat zara
eta zure basoetan barna oreinak
ihes batetik bestera
kotxeko argien artean
eta zuk zeure burua behin
nola harrapatu zenuen
oinaze hura ospatzen
orgasmoei darraien
tristura pizti horren
zati bat baino ez bada ere
egun hartan zerbait
ulertu zenuen

nola bizitzaren ur ertzean hondarturiko balea hura
nola jaten eman eta esku-ahurrez ureztatzen zuena
bere aldean berarengan itsu eta garbi sinesten zuena
balea atera zen eta zu han geratu zinen eskuetan ura

eta orain zaintzen zaitut urrunetik begira
ni lehorrak itotzen nau eta zu berriz urak

dena da horren erraza hasten
baina horren nekeza hazten
eta gero berriz ia ezinezkoa ahazten

eta orain zaintzen zaitut urrunetik begira
ni lehorrak itotzen nau ta zu berriz urak

zuk aurkitu zenuen nik bilatu nahi ez nuena
baina nola ez duen beti jasotzen ereiten duenak
zuri ikasi nizun dakidan gauzarik baliotsuena

beti ahitzera doa bidea
oso ondo oroitzen
ez duzunetik zehazki ahaztu behar izan zenuenera

orduan ez zenekielako
egia esan orain ere ez
eman eta eman gutxitu nola liteken

eta zure isiltasunengatik
gutxitzen doan gure hizkuntza honek
ere ez dio izenik ematen

higatzen zaizkigu hitzak, begiak,
basamortutzen gu biak
baina ez diogu utziko hareagotzen

ze, zaldi zuri batek
oraindik trostan zeharkatzen
nire ametsetatik zurera zelai zulodun bat

gauza bat proposatu nahi dizut
azkenari aurre hartzeko
nola suak bere burua jaten duen,
elkarren ondoan etzatea eta elkar laztantzea
elkar ezabatu arte

eta zaldi zuri batek bitartean trostan zeharkatzen
zure ametsetatik nirera zelai zulodun bat

badakizu ibil naitekela mila kilometro zeru
baso erreka zelai eta belazeak zeharkatu
gauaren luzea ibili eta egun argiz ezkutatu
hankak odoltzeraino neure mugak marraztu

baina beste behin ere aldatu dut
munduaren azalera zure azalarengatik
nire harramazka zakarrak
zure laztan bareengatik
eta neurea ez den itzal bati betirako lotu.

lo zaudela imajinatzen dut
ze animalia ginatekeen gu
zuk jango nindukezun edo nik jango zintuzkedan zu
nor noren harrapari, nor noren zelatan
gure eremu babestua den honen mugatan

edo isilean desagertzen doan
espezie bereko bi piztia etzan
elkarri itzala janez
elkarri hitzak janez
elkarrekin desagertuz isiltasunerantz

beste behin ere denborak nireak ziren lanak egin ditu
eta nik neure kontrako makrojuizio intimoan dihardut
aingurak eta baleak, habiak eta harea, amuak, zu
galdera haien erantzunen galderak erantzunik ez du

nire aurrekari penalak, batzuk egiak ez denak, badakizu
eta nola nire penaren hiru laurdenak aspaldi bete nituen
entregatu nizkizun armak eta zuloak non neuzkan aitortu
berandu ibili naizen arren, garaiz ailegatu